Basquetour: Turismoaren Euskal Agentzia. Agencia Vasca de Turismo

Arabako Errioxak, Arabak eta Euskadik beren baliabide enoturistikoak erakusten dizkiete turoperadoreei eta prentsa espezializatuari

• IWINETC 2019k workshop batekin jarraitzen du Laguardian

2019/03/14 - BASQUETOUR
FacebookTwitterLinkedin

IWINETC 2019k arrakastaz amaitu zituen atzo ponentzien, debateen eta dastaketen bi jardunaldi Gasteizko Europa Kongresu Jauregian eta gaur goizetik aurrera Arabako Errioxara eraman du bere jarduera-programa, zehatzago esanda, Laguardiako Villa Lucía Ardoaren Zentrora, enpresentzako workshop batekin. Enoturismoaren Nazioarteko Kongresuak gaur jarraitzen du enpresentzako workshop edo lan-jardunaldi batekin Laguardian eta mundu osoko turoperadoreei eta prentsa espezializatuari zuzendutako bidaiekin Arabako Errioxako, Arabako eta Euskadiko baliabide enoturistikoak haiei erakusteko. Lan-jardunaldi horrek aukera emango die Arabako Errioxako, Arabako gainerako lekuetako eta Euskadiko upeltegiei, hotelei eta enpresa turistikoei beren zerbitzuak eta proposamenak aurkezteko ardoaren turismoan espezializatutako mundu osoko berrogeita hamar bidaia-agentzia eta turoperadoreri. Agentzia eta turoperadore horiek taldeekin, bakarkako bidaiariekin eta kongresuetako turismoarekin egiten dute lan. Gainera, gaur, osteguna, hasi dira press trip eta fam trip bidaiak, enoturismoan espezializatutako hedabideei eta turoperadoreei zuzenduak ‒Estatu Batuak, Australia, India, Erresuma Batua, Norvegia, Hegoafrika eta Australiakoak‒ Arabako Errioxako, Arabako eta Euskadiko baliabide enoturistiko nagusiak haiei erakustearren. Hala, nazioarteko kazetariek eta bidaia-agentziek Arabako Errioxako zenbait upeltegi bisitatuko dituzte, oliba-olio eta ardo-dastaketa komentatuetan parte hartuko dute, eskualdeko hotelak eta jatetxeak ezagutuko dituzte, eta Laguardia eta Bastida herrietako erakargarritasun turistiko nagusietatik ibiliko dira. Eta, gainera, euskal gastronomia ospetsuaz gozatzeko aukera izango dute. Bestalde, bidaia horiek Arabako beste baliabide turistiko batzuetarako bisitaldiak hartzen dituzte barnean: Añana Gesaltza eta Gasteizko Erdi Aroko Almendra, txakolindegiak eta jatetxeak Getarian, Bakion eta Plentzian, eta ibilbide gidatuak Bilbotik eta Donostiatik. Programak leku bat gordetzen du Euskadiko jatetxe onenetako batzuk ezagutzeko. Enoturismoan espezializatutako prentsari eta turoperadoreei zuzendutako bidaiak marketineko estrategia bat dira helmuga ezagutzera emateko. Helburua hauxe da, kasu batzuetan nazioarteko hedabideetan helmugak oihartzuna izatea eta, besteetan, bidaia-agentziek eta turoperadoreek bezeroei aurkezten dizkieten bidaien eskaintzan helmuga barnean hartzea. IWINETC 2019 Enoturismoaren Nazioarteko Kongresua sektorearen munduko elkarraldi garrantzitsuenetako bat da, eta Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren babesa jaso du, baita Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen lankidetza ere.
Buscador

Lege-oharraHarremanaDeskargakBeste webgune batzukBerriakEgutegia